Adina: 5 urtetik aurrera
Kopurua: Gutxienez 4 (hobe gehiago)
Materiala: Baloia
Espazioa: Edozein
JOLASAREN AZALPENA:
Erdian nor geratuko den zozketatu ondoren, jokalari guztiak biribilean jarriko dira. Erdiko laguna eserita egongo da eta biribilekoak, berriz, zutik.
Baloia eskuz esku pasatzen hasiko da erdiko jokalaria, begiak itxita dituelarik, hogeitik behera zenbatzen duen bitartean (20, 19, 18...). Zenbaketa isilean egingo du biribileko jokalariek ez entzuteko moduan. Hamarrera iristerakoan beso bat luzatuko du "KO" ozenki esanez, eta hortik behera zenbatzen jarraituko du (9, 8, 7...); ondoren bostera iristerakoan, beste besoa luzatuko du "RRI" ozenki
esanez eta, azkenik, zerora iritsi bezain pronto bi besoak buru gainean jarriko ditu eta txalo eginez "KA" oihukatuko du. "KA" esan duen unean balopia zuen biribileko jokalaria lurrean eseri egin beharko da, hankak luzatuta.
Jolasa errepikatuko da pixkanaka-pixkanaka biribileko jokalari guztiak eserita gelditu arte. Oso garrantzitsua da baloia eskutik eskura pasa behar dela ohartaraztea, hau da, ezin dela baloia bota. Beraz, biribileko bi lagunen artean norbait eserita badago, honen hankaren gainetik salto egin behar da baloia hurrengo jokalariari eskura emateko.
Oso talde handiak baditugu bi baloi erabil daitezke. Honela ez da jolasa gehiegi luzatuko, eta biribilekoek ez dute hainbeste itxaron beharko baloia beren eskuetatik pasa arte.
ALDAERAK:
Oso talde handiak baditugu bi baloi erabil daitezke. Honela ez da jolasa gehiegi luzatuko, eta biribilekoek ez dute hainbeste itxaron beharko baloia beren eskuetatik pasa arte.
• HUTS EGIN
Gaizki egin, kale egin.
• KORROAN:
Biribilean, kirrinkiloan, errondan.
• BETE IZAN:
Betetzea, txito izan, zigortua, itsu izan, (jolas honetan erdian dagoena).
GAITASUNAK
• JARDUERA LUDIKOA
Mugimendu eta adimen estrategiako jolasa.
• JARDUERA KOGNIKTIBOAK
Sentipen-mugimenduzko jokaera: errepikapena. Eragiketa jokaera konkretua: arrazoibide konkretua.
• TREBETASUN FUNTZIONALAK
Ikerketa: lekualdatzea eta oratzea Eraginkortasuna: trebetasuna eta lastertasuna
• ALDERDI SOZIALAK
Bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.
INFORMAZIO SOZIOKULTURALA
Jolas hau gaur egun oso ezaguna da haurren artean. Nahiko jolas berria dela esan daiteke, orain dela 20 urte modan jarria. Talde handietan jolasteko oso aproposa da, oso azkarra delako; gainera inor ez da baztertuta gelditzen, eseritzen direnek ere garrantzi handiko zeregina betetzen baitute jolas honetan. Oso jolas dibertigarria da tentsioa denbora guztian mantentzen delako. Izen ezberdinekin ezaguna da; BONA da izenik ezagunena, baina dena den edozein hitz erabil daiteke.
Iturria: http://www.aisia.net/jolasak/baloi-jolasa/baloiarekin-korrika
No hay comentarios:
Publicar un comentario