domingo, 15 de diciembre de 2013

6.ASTEKO 1.JARDUERA (MOOC-en hausnarketa)


Kaixo!!!
Azkeneko aste honetan egokitu zaidan jarduera MOOC-ei buruzko hausnarketa bat egitea izan da.
  • Nola ikasten da MOOC-etan?
Bosgarren asteko lehendabiziko ariketan azaldu nuen bezala MOOC-ak Massive Online Open Course-ak dira. Esan daiteke, MOOC batek izan beharreko ezaugarriak lau horiek direla (Masiboa, Online, Irekia eta Kurtsoa). 2008an sortu zen fenomeno honek hezkuntza munduan ikasteko era berri bat bultzatu zuen.
MOOC-ak dituen ezaugarriak direla eta munduko edozein pertsonak edonon eta edonoiz ikasi dezake, soilik Interneterako konexioa behar da. Horrela, norberari interesatzen zaion edukiaren inguruko materialak ikusi (bideoak), entzun (podcastak) edo irakur (testuak) daitezke inolako arazorik gabe. Material hauek edukia ulertzen laguntzen dute.
Partaideei dagokionez, denek ez dute zertan material guztiak erabili behar, bakoitza bere ikasketaren jabe denez interesatzen zaiona bakarrik erabiltzeko eskubidea dauka.  
Horrez gain, MOOC-ak ikasketa esanguratsua bultzatzeaz gain ikaskuntza prozesua ikasleetara egokitzen duenez, ikaslea berak ikasteko duen erritmoa kontuan hartuz bere buruari lana egiterako orduan behar dituen pautak jartzen dizkio, ikasteko erritmoa norberak ipiniz. Beraz, ikasle bakoitzaren erritmo ezberdinak errespetatu egiten dira.
MOOC-aren ezaugarririk garrantzitsuena konektibismoa dela esango nuke, hain zuzen, beste partaideengandik ikastea. Esan daiteke ikasleen parte hartzea funtsezkoa eta beharrezkoa dela kurtsoa aurrera eramateko, honen filosofia bata bestearengandik ikastea delako. Hori dela eta, bakoitzak eginiko e-aktibitateak gainontzekoekin partekatzea komeni da sare sozialen edo foroen bidez.
Ondorioz, gainontzekoen lanak ikusiz norberarena hobetzeaz gain ideia berriak ezagutzeko, zalantzak edo arazoak plazaratzeko eta laguntza emateko aukera paregabea eskaintzen du (irakaslearen parte hartzea egon gabe). Kideengandik ikasterakoan pentsatzen dut norberarentzako erakargarriagoa eta esanguratsuagoa izan daitekeela.
Azkenik, irakasleari dagokionez bere rola dinamizatzailearena da, hau da, bigarren plano batean mantentzea. Bere helburua jakintzaren oinarria plazaratzea eta ikasleei ahalik eta neurri txikienean laguntzea da, ikasleei askatasun osoa utziz era autonomo batean beraien ezagutzak eraikitzeko.
  • Nolakoa izan behar da MOOC bat arrakastatsua izateko?
MOOC bat arrakastatsua izateko, lehenik eta behin lau ezaugarriak ondo bete behar ditu: Masiboa, Online, Irekia eta Kurtsoa. Kurtso honetan interesa duen edozein pertsonek parte har dezake.
Lau ezaugarri horiez gain, ene iritziz honako puntuak ere bete beharko lituzke:
-Bideo eta podcast laburrak. Horrela partaideen arreta handiagoa da, izan ere, luzeak izaterakoan aria galtzeaz gain aspertzea eragin dezake. Gainera, pentsatzen dut informazioa era bisualago batean hobeto ulertzen dela testu batean baino.
-Sare sozialen eta foroen presentzia. Partaideek nahi duten guztia gainontzeko kideei plazaratzeko (ideiak, zalantzak…) eta besteengandik ikasteko aukera paregabea eskaintzen dutelako.
-Erabilitako materiala doakoa izatea. Horrela edozeinek eskura dezake, baita diru arazoak dituenak ere. Modu berean, materialak edonon eta edonoiz erabiltzeko aukera izatea garrantzitsua da, erabiltzailea ez duelako mugatzen eta norberaren ikasketa antolatzeko erraztasuna eskaintzen duelako.
-Kurtsoak plangintza erakargarri bat izatea. Horrela ikasleak gehiago motibatuko dira eta bertan gogotsu hartuko dute parte. Halaber, bakoitzaren erritmoa errespetatzea nahitaezkoa da.
  • Zer nolako garrantzia eta funtzioa dute Sare Sozialek MOOC-en bidezko ikasketan?
Goiko paragrafoetan esan dudanaz gain galdera honen inguruan hau gehituko nuke:
Sare sozialek eta foroek erabiltzaileen artean etengabeko komunikazioa egoteko garrantzia handia dute, honek partaideen ezagutzak, zalantzak nahiz iritziak gainontzekoei adierazteko aukera ematen dutelako. Horrela, denengandik ikasterakoan norberak bere ikaskuntza eraiki dezake.
Modu honetan norberak duen interes berdina duten jendearekin hitz egiteko aukera ematen dute, esaterako Twitter-ean “#hasthag” erabiliz.
 
 
Horrez gain, MOOC-en inguruko hausnarketa EHUMOOC-eko foroan eta nire Twitter-ean ere ikusi dezakezue: @IratxeIparra
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario